Ipar Euskal Herriko kulturgintzako hainbat eragilek bat egiten dugu abenduaren 16n Bakearen artisauek egoera politikoaren desblokeatzeko eman zuten pausuarekin.
Euskal Herriak luzaz bizi duen gatazka politikoaren baitan, ETA erakundeak orain bost urte bere ekintzen aldebakarreko uztea erabaki zuenetik, gure herriaren etorkizunari dagokionez, esperantzazko fase berri bat ireki dela uste dugu.
Zorigaitzez, azken urte hauetan hartutako bide horrek ez du erantzun baikorrik ukan Espainia eta Frantses estatuen partetik.
Abenduan berriz ere ikusi dugu Estatu horiek hartutako jarrerek, bake prozesua oztopatzen dutela, eta horrek kexarazten gaitu. Bake prozesuari gure ekarpena egin nahian, gaur, Luhuson, Euskal kulturgintzaren arloko partaide gisa, bake prozesuan euskal jendarte zibil osoak hartu beharko duen arduraren parte bat gure gain hartzea erabakitzen dugu.
Gisa berean bakearen artisauek gatazkaren konponbiderako proposatu dituzten pausuekin bat egiten dugu :
- Euskal Herriarentzat, indarkeriarik gabeko egoera demokratiko bat nahi dugu,
- Gatazkaren konponbidean aitzinatzeko, armagabetze prozesua ezinbesteko baldintza da, biktima guziak kontutan hartuz eta preso eta iheslariak etxeratuz,
- Bake prozesuan, oraindanik Estatuen esku hartzea baitezpadakoa dela uste dugu,
- Estatuek, armagabetze prozesuari uko egiten dioten zentzugabeko egoera honetatik atera behar da,
- Azken bost urte hauetan, Aieteko konferentzia pasatu denetik eta borroka armatua utzia izan denetik, ez da aitzinamendurik izan, eta egoera honen desblokeatzeko, jendarte zibilak armagabetzean hartu duen engaiamenduarekin bat egiten dugu.
Gaurdanik hor gaituzue bake prozesuaren alde eraman behar litaizken lanen aurrera eramateko.